BILDUMA HIZTEGIA

feminismo erradikal (eu)

Feminismoa



Gizarte-desberdinkerien oinarrian patriarkatua dagoela aldarrikatzen duen feminismoaren korrontea. Feminismo liberalaren indibidualismoaren eta berdintasun formalaren aurrean, sexismoaren errora jo eta menderakuntza guztien oinarrian sistema patriarkala dagoela aldarrikatzen du.



Feminismoaren barruko korronte hau 1960ko hamarkadan sortu zen, Amerikako Estatu Batuetan. Ordura arte pribatutzat jotako bizitzaren eremu batzuk menderakuntza patriarkalaren gunetzat identifikatu zituzten, eta teoria politikoa irauli zuten, familiaren eta sexualitatearen egituraren oinarrian botere-harremanak daudela aldarrikatuz eta harreman horiek aztertuz. Beren aldarrikapenak eslogan batean laburbildu zituzten, gaur egun ere feminismoaren aldarrikapen nagusietakoa dena: pertsonala politikoa da.

Feminismo erradikalaren ustez, eta New Yorkeko Feminista Erradikalen sortze-manifestuan adierazi bezala, gizon guztiek, eta ez bakarrik elite batek, onura ekonomiko, sexual eta psikologikoak jasotzen dituzte sistema patriarkalaren eskutik.

Feminista erradikalak 1960ko hamarkadako ezkerreko mugimenduetatik bereizi ziren zeinek feminismoa sozialismoarekin eta demokraziarekin lotzen baitzuten, eta patriarkatuaren aurkako borroka lehenetsi zuten. Korronte horretatik beste batzuk eratorri ziren; adibidez, feminismo kulturala edo patriarkatuarekin batera ekonomia, klasea eta beste alderdi batzuk ere zapalkuntzaren oinarritzat jo izan dituzten korronte batzuk.

Hiztegi-unitateak